Darpon itzuli da?
Dagoeneko, EAJ promesak saltzeko jolasean dago, egindakoa zurituz eta osasun publikoaren desegitea ezkutatuz. Duela aste batzuk, Zallako Espezialitate Zentroa bisitatzen aritu zen. Zentro hau udaberri honetan inauguratuko da, baina zentroa egingo zela iragarri zenetik funtzionamenduan ikusi arte 15 urte itxaron izan behar ditugu. Beti dute presa botoak lortzeko, baina ez zerbitzuak emateko.
Albistearen irudian lehendakaria agertzen da. Bere atzean Sagardui sailburua, eta denon aurrean, Mari Luz Marqués, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko gerentea, Darpon sailburu ohiaren emaztea. Irudi batek mila hitz baino gehiago balio badu, EAJk Osasun Sailerako egiten duen apustua norantz doan antzeman dezakegu. Egungo sailburua bere telefono mugikorrari begira agertzen da. Agian, Mutualian zer baldintzatan sartuko den irakurtzen ari da, antza denez hori baita bere xedea.
Joan den otsailaren 6an, Sabino Arana Fundazioak eta EAJren “Euskadi Think Next”-ek Euskadiko osasun-sistemaren etorkizunari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituzten. Hauetan, osasun pribatuko buruak bildu ziren, eta, bertan, ezin zen Darpon (Keralty) falta.
Mari Luz Marqués hurrengo sailburu izateko zerrendan lehena badago, Darpon itzuliko da. Baina, agian, hobe da esatea Darponek, gaur egun Keraltyren nomina duenak, beti jarraitu duela Osasun Sailaren gainean nonbait, txotxongilolari trebe gisa. Nork daki Darponek baino hobeto administrazioa maneiatzen EPEetan lanpostuak errazteko, edo Osakidetza pribatizatzeko?